XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egia esan, tradizioaren zaindari horiek ez diete benetan presio handirik egin behar izaten jokalari printzipalei, berauen etorkizun-usteen baitan aspaldidanik txertatuak baitaude beren mundu sozialaren itxaropenak: izan ere, gizarteak haietaz espero duen huraxe bera nahi baitute eurek ere.

Hori horrela bada gure bizitzako kontu geureenetan, erraza da ikustea gauza bera gertatuko dela bizian zehar aurkitzen dugun kasik edozein egoera sozialetan. Gehienetan jokoa finkatua egoten da gu eszenara baino aspaldi lehenago. Uzten zaigun guztia, gehienetan, gogoberoago edo epelago jokatzea da.

Bere ikasleen aurrean jartzen den irakaslea, sententzia esaten duen epailea, bere eliztarrak gogolarritzen dituen sermoilaria, bere tropak batailara agintzen dituen komandantea: horiek denak, oso muga estuez predefinituriko ekintzetan ari dira. Eta muga horiek, kontrol eta zigor sistema bildurgarriek dituzte zaintzen.

Kontsiderazio horiek guztiak gogoan ditugula, egitura sozialen funtzionamenduaren ulerkuntza finago, sofistikatuago batela irits gaitezke. Ulerkuntza hori oinarritzeko, kontzeptu soziologiko baliagarria da instituzioa.

Ekintza sozialen multzo konplexu berezi bezala definitzen da instituzioa arruntki. Hala, legea, klase soziala, ezkontza edo erlijio organizatua, instituzio gisa har ditzakegu. Baina horrelako definizio batek ez digu oraindik esaten nolako erlazioa dagoen instituzioaren eta beraren baitan diharduten norbanakoen ekintzen artean.

Galdera horri erantzun bixia eta polita eman dio Arnold Gehlen-ek, gaur eguneko zientzialari sozial alemana bera. Gehienek organo arau-emailetzat ulertzen du instituzioa, giza ekintzak ildoratzen dituena, instintuek animalien ekintzak ildoratzen dituzten bezalaxe.

Bestela esanik, instituzioek mekanismoak eta portamoldeak eskaintzen dituzte giza jokaerak berorietan barna ildoratu eta aurrera eragiteko, gizarteak gogoko dituen ildoetan barna. Eta amarrua honela burutzen da: norbanakoari ildo horiek erakutsiz, litezkeen bakarrak balira bezala.

Har dezagun adibide bat. Katuei ez zaienez saguak harrapatzen irakatsi behar izan, bada zerbait, antza, katuaren jaiotzezko ekipamenduan (instintua, hitz hori gustatzen bazaizu) hartara eragiten diona. Pentsa daiteke sagua ikusten duenean, badela zerbait katuaren baitan jotakean esaten ari zaiona: Jan ezak! Jan ezak! Jan ezak!

Katuak ez du, xuxen esateko, aukeratu egiten, barne ahots horri obeditzea. Bere barren-barreneko izaerari jarraitu besterik ez zaio egiten, eta sagu gaixoaren atzetik abiatzen da lasterka (suposatzen dugu honek ere izanen duela barne ahots bat esaten diona: Alde! Alde hemendik! Alde hemendik arin!).

Katuari gertatzen zaio Marino Lejarreta edo Migel Indurainen jarraitzaileari gertatzen zitzaiona Toura Pirinioetan barna pasatzen zenean, hots, joan egiten zela haiek ikustera: ezin baitzuen besterik egin!

Baina orain, buelta gaitezen lehengo bikote harengana, zeinen nobiotako garaiaz itxuraz begikotasun handirik gabe aritu baikara.